Teknografia



NIRE BIZITZA IRUDIETAN ETA HITZETAN:
Nire bizitzan irakaskuntza iturri asko egon dira, daude eta egongo dira.  Argi daukat bizitzan egunerokotasunean ematen diren egoera eta une desberdinetatik jokaera desberdinak lortzen ditugula, eta hauek gure egiturak moldatzen dituztela etorkizunerako estrategia propioak garatzen lagunduz.

Edozein bizipenek garrantzia du arlo guztietan. Bizi dugun, jaso dugun,..edozelako informaziok eraldatuko edo egokituko gaitu modu batean edo bestean, eta eragina izango du bizitzako eremu guztietan.

Ikaskuntza prozesua jaiotza aurretik hasten da. Amaren sabelean gaudenetik etengabe sentsazioak jasotzen ditugu eta hauek ere ikaskuntza bat ematen digute. Sabeletik sortzen ditugu familia loturak. Eta lotura hauek apurtzea zaila egiten da, batez ere Euskal Herriko gizartean, non familiak berebiziko garrantzia duen. Baina noski honek ere ikaskuntza garrantzitsua ematen digu.

Jaiotza ondorengo bidaian hainbat faktorek izan dute, dute eta izango dute eragina ikaskuntza prozesuan. Nahiz eta bakoitzak pisu desberdina izan, guztiak dira garrantzitsuak. Izan ere, baten bat falta ezkero, ikaskuntza desberdina izango zen. Azken finean ni neu desberdina izango nintzen. Duda barik, faktore garrantzitsuenak familia, lagunak, ikasketak eta lan mundua izan dira. Eta nire kasuan batez ere, faktore hauetan emandako hausturak klabeak izan dira nire bizitzan aldaketak emateko. Haustura hauek gogorrak izan arren asko ikasteko balio izan didate. Hauek gainditu ondoren, berrituta eta jakintsuago sentitu izan naiz gehienetan. Zalantza barik, guztiak beharrezkoak izan ditut orain naizena izateko. Eta gaur egunean hartutako erabakiak aurrera eramateko.

Goazen pixkanaka muntaian aipatu ditudan bizitza zatiak aztertzen…

Familia, lehen gizartea, jaiotzean aurrean aurkitzen dituzunak…ama, aita, neba…Bakoitzarekin bizitako, arnastutako, jandako,…uneak etorkizunean beraiekin dudan erlazioaren funtsa dira. Beraiekin txikitan bizitako egoerek gaur egun jarraitu ditzakedan estrategiak eskeini dizkidate.
Familia txikia izan arren, bizitzako une latzetan eta onetan denak beti laguntzeko prest izan dira. Zeresanik ez neba, nahiz eta haurtzaro berdina bizi izan dugun guztiz desberdinak gara. Baina desberdintasun horretan osagarriak gara. Batek ez dakiena besteak daki, eta beti gaude besteari laguntzeko eta irakasteko prest. Txikitatik gustatu zaizkit niri matematikak eta oso ona nintzen, nire neba aldiz idazketan bikaina zen, eta bion artean elkar laguntzen ginen osotasun bat lortzeko. Txikitatik landu izan dugu elkarlana eta kooperazioa, eta bion lorpenak ospatzen genituen. Asko maite dut neba eta familia, nahiz eta askotan ez esan eta gehienetan itota sentitu.

Nabarniz, aitxitxe eta amuma, baserria,…Nahiz eta Gernikan bizi, haurtzaroko asteburuak, jai egunak eta oporraldiak bertan igarotzen nituen. Benetan egun zoriontsuak ziren haiek. Aitxitxe eta amuma baino askoz gehiago, bizitzako atxekimendu erreferente garrantzitsuenak izan dira. Beraietatik jaso dut bizitzari aurre egiteko ikaskuntza, indarra, motibazioa,…behar izan dudan guztietan bertan egon dira. Beraiek irakatsi didateikastolatik kanpo ematen den ikaskuntzak balio handia duela.

Oporrak eguzkitan, benetan oroitzapen onak ditu une hauena. Batez ere, familia, gurasoak eta seme-alaba bezala ulertuta, batera egoten ginelako. Urtero joaten ginen leku berdinera, hotel berdinera eta lagun berdinekin aritzen ginen. Hondartza da ama eta ni lotzen gaituen lekua. Gaur egun ere, lotura bera mantentzen dugu.

3 urterekin hasi nuen hezkuntza formala Seber Altube ikastolan. Nire gizartea zabaltzen hasi zen, eta beste kideekin sozializatzeko unea iritsi zen. Bertan, kuadrila sortu genuen. Kuadrilan urteetan mantendutako harreman estuak ditugu, batez ere batzuekin. Benetako bultzada ematen dio ikaskuntzari sozializazioak eta hezkuntzak. Bertan kontzeptuez gain, harremanak landu nituen. Nahiz eta batzuetan gogorra izan, ikaskuntza hori hor gelditzen da eta gaur egunean erabilgarria izan dut. Batez ere, haurrekin lan egitean.

Nahiz eta etengabe bizi izan nituen eta ditudan, frustrazioak eta hausturak. Benetan beharrezkoak direnak. Asko eskertzen ditut gurasoek, aitxitxe eta amumak, irakasleek,…aurrean jarritako ezetzak. Unean egoera txartxat nituen, ez zaizkidan gustatzen. Izan ere, nik nahi nuena lortu nahi nuen eta ez zidaten uzten. Baina ez hoiek aurrerapausuak izan dira. Une hartan baliokoak ziren, beharrezkoak baititugu mugak. Bestela noraezean ariko ginen eta azkenean, ez genuke ezer lortuko. Bizitzan ezetzaren ikaskuntza ezinbestekoa da. Etorkizunean izango dituzun egoera desberdinei aurre egiteko funtsezkoak, nahi duzun ikaketetan ez bazaituzte hartzen, gustatzen zaizun neska edo mutilak ezezkoa esatean,…Ematen du egoera sinpleak direla, vaina hauetan nola jokatu jakin behar da.

Aita etxetik doa. Nire lehen haustura sendoa benetan gogorra izan zen. Nahiz eta nahiko argi izan nuen betidanik, gogorra izan zen begibistakoa argitaratzea. Orain familia apurtuta zegoen. Hemendik aurrera ama, neba eta ni ginen familia. Ama familiako enborra zen eta gu adartxo ahulak. Haustura honetatik asko ikasi nuen, nola jokatu, nola ez jokatu,…eta lagunen eta gainerako familiaren laguntzaz aurrera egin nuen. Hala ere, nik esango nuke oraindik ere haustura haretako kristal zatiak noizbehinka azalean ditudala. Baina nola ez, nire parte garrantzitsua dira eta!

Inoiz ezin ditut ahaztu lagunak. Bizitza gogorra izan denean, hausturetan batez ere, une guztietan beti ondoan izan ditut. Lagunekin eta lagunetatik asko ikasi dut, ikasten dut eta ikasiko dut. Etengabeko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan bizi gara.

Sarriko EHU - hutsegite bat izan zen. Nahiz eta txikitatik aritu panpinekin andereño lanetan, ikastola eta institutuko irakasleen gomendioak jarraituz enpresa eta administrazio zuzendaritzan lizentziatura egin nuen. Une hartako beldurrak, ezjakintasunak, …gomendioak jarraitzera eraman ninduen. Hala ere, ikasketa garrantzitsua kontsideratzen dut. Hauek gabe ez nintzen Bilbora joango, herritik hirira. Urte hoietan asko ikasi nuen nitaz, nire barrutik atera nintzen. Ordurarte isilik egoten diren hoietakoa nintzen. Nolabait hiriak indarra eman zidan eta barruko hesiak apurtu nituen. Hortik aurrera pixkanaka aldaketa izugarria nabaritu nuen nigan.

Ikasketak burutzen nituen bitartean, jaiegunetan eta oporraldietan, haurrak zaintzen nituen. Lehenbizi lehengusinak eta gero herriko haur batzuk.

Ikasketak kostata baina bukatu nituen. Argi ikusten zen ez zirela nire ikasketa maiteak baina…  Ondoren lana bilatzeko unea iritsi zen. Pare bat urte bankuetan PFEZ deklarazioak egiten igaro nituen, eta bakarrik moldatu behar nuen. Ikasketa benetan zaila niretzat, hain nintzen lotsatia!!!.....Baina lortu nuen, eta lan egindako banku guztietatik ikasi nuen zerbait. Gustora aritzen nintzen, nahiz eta haurren kontaktua falta. Hau sahiesteko lehengusinekin aritzen nintzen. Betidanik eman dizkiet klase partikularrak lehengusinei, auzokideei,…berdin zen matematika, fisika, euskara…

Betidanik izan dut irakasle sena, bokazio bat dela kontsideratu dut. Eta nahiz eta lanean ez nabaritu, bizitzako bestelako loturetan nabaritu da.

Hortik herriko enpresan lan egitera joan nintzen. Bengozarra Eraikuntza metalikoak enpresako administratzaile bilakatu nintzen. Bertan bulegoko lanetan ondo moldatzen nintzen. Ez zen bizitzako lana, baina asko gustatzen zitzaidan jendearekin harremanetan egotea.

Hori bai, lanak independentzia ekonomikoa ekarri zidan. Eta pixka bat familiako loturak hautsi nituen.

Ikaskuntzan eta bizitzan ezin dugu ahaztu bikote maitasuna. Etengabe bilatzen ari garen maitasuna. Familia lotura fisikoak apurtzen dira, eta familia berri bat sortzen da. Orain bikotea eta ni gaude. Konbibentzia, harremana, elkarrizketak, eztabaidak, familia berria, …benetan ikasketa berriak eta sakonak.  

Baina bulego baten barruan egon nahi dut bizitzan osoan? Lan bera egin nahi dut beti?.

Lagunen, maitasunaren,…eta benetan aldaketa baten beharra nuenaren usteekin ikasketa berriak hasi nituen. Banekien haurrak gustoko nituela, agian ama izatearen sena zela uste nuen, baina nire benetako pasioa haurrak direla eta haurrekin lan egin nahi nuela ikusi  nuen. Honetaz ohartzean, haur hezkuntzako goi mailako teknikaria ikasketak hasi nituen Gernikako institutuan.
Ikasketak hasi, bizitza berria hasi,…baina maitasunaren haustura. Urteetako bikote harremanaren bukaera. Familia berria apurtu da, baina harreman horrek emandako fruitua oraindik gelditzen da bizirik; izeko-iloba eta koinaten arteko lotura, betirako izango dena. Biak nire Printzesak dira. Beraiekin asko ikasi dut, batez ere Maren ilobarekin. Berau bere amaren sabelean egon denetik elkar ezagutzen dugu. Bertatik ezagutzen du nire ahotsa, horregatik ikaskuntza jaio aurretik hasten denaren ustea. Ahotsarekin, abesten nizkion abestiekin lasaitu egin da nire txikitxoa. Biok batera gauza asko ikasi ditugu, gero eta argiago ikusi dut haurrekin lan egiteko beharra dudala. Benetako konexioak sortzen ditut beraiekin, feeling bereziak sortzen ditugu.
Krisi unea igaro nuen.  Benetako lagunen laguntzaz, hasi berri nituen ikasketak jarraitu eta bulegoko lau hormetatik atera nintzen.


Bizitza berriaren hasiera. Erabaki handi eta une latzen atzetik datoz bizitzan aldaketak. Sentimendu kontrajarriak nire baitan. Urteetan botila batean sartuta egon diren tximeletak atera dira.  Bakardadea, inseguridadea, lasaitasuna, poza,...

Hortik aurrera, badirudi tximeletek abiadura hartu dutela eta alde batetik bestera mugimenduan dihardutela .Nire etxe propioa, lan berria haurreskoletan, nire pasioa ilobak (Maren, nire amak zaintzen dituen Peio, Eneko eta Markel, nire lagunen seme-alabak...) ...

Hortik prest nengoen irakaskuntza alorrean ateak zabaltzeko. Eta ikasketa gehiagorekin ausartu nintzen. Horrela,  EHUn magisteritza ikasten hasi nintzen, eta gaur egunean horretan nago.


Azken haustura, aitxitxe falta. Bizitzako gizonezko erreferentearen falta bizitzak emandako azken trantze gogorra. Familia desegiten dago… Orain nori galdetuko dizkiot gauzak, nork konponduko dizkit zalantzak, nork lagunduko dit erabakiak hartzen,….Miloika galdera ziren nire buruan. Baina guzti honetarako aitxitxek irakatsitakoa, eta bizitzak irakatsitako, barnean nolabait integratuta daramadala konturatu naiz. Uste nuen ezinezkoa nuela aurrera joatea, baina barruko sustraiak ondo ereinda daudenaren seinale ahal dut.



Pixkanaka pixkanaka ikasten...ni neu ezagutzen eta ulertzen!!!Neure benetako nia ateratzen...Orain lan hauetan ari naiz!!!
Guzti honekin naizena naiz. Haustura eta ikaskuntza, jokatzeko estrategia desberdinak, beti gehiago jasotzeko prest!!!
Bidaia guzti honetan argi gelditu zait, pertsona
bakoitzak errealitatea eta estrategiak bere modura garatzen dituela. Besteei laguntzea ezinbestekoa da gizarte honetan bizitzeko. Honetan ikasleei lagundu egin behar diegu.


No hay comentarios: